Azaroaren 25ean, autokontsumo fakturen inguruko tailerra antolatu genuen Araizko Udal Liburutegian, Ane Galarza Izagirre Komunitatea Eraldatzeko Bulegoko (KEB) kidearen eskutik. Otsailean argindar faktura ulertzeko egindako saioari jarraipena emateko prestatu dugu bigarren topaketa hau, bazkideok gure autokontsumoari ahalik eta etekin handiena nola atera ikas dezagun.
Ostots kooperatiban dagoeneko martxan ditugu autokontsumo partekatuko bi instalazioak: bata Uztegiko frontoiaren estalkian kokatua, eta bestea Araizko Udaletxearen estalkian. Instalazio horiek energia sortzen hasiak direnez, faktura berriak irakurtzen jakitea eta kontsumo-ohiturak egoera berrira egokitzea izan da saioaren helburu nagusia.
Tailerrean argi geratu zen ondorioetako bat izan zen komeni dela sortutako energiaren ahalik eta zatirik handiena zuzenean kontsumitzea. Hizlariak azaldu zigunez, gaur egun oso gutxi ordaintzen da sarera isurtzen diren soberakinen konpentsazioagatik; beraz, aurrezpen errealena lortzeko gakoa eguzki-orduetan kontsumoa pilatzea da, ekoizpena eta erabilera ahalik eta gehien parekatuz.
Bestalde, etorkizunera begira, kooperatibako kideon artean banatutako sorkuntza-zatiak berriro kalkulatzeko aukera ere mahai gainean jarri genuen. Horrela, norbaitek bere beharretarako zati handiegia esleituta badu, doikuntza egiteko modua izango genuke, eta soberan geratzen diren zati horiek itxaron zerrendan dauden kooperatibako bazkideei aukera emateko baliatuko genituzke.
Aurreko saioan bezala, tailerrak kutsu praktikoa izan zuen, eta bertaratu ginenok gure fakturak aztertzeko eta sortutako zalantzak bertan argitzeko aukera izan genuen. Ostotsetik oso positiboki baloratzen dugu ekimena, trantsizio energetiko ekosozialean herritarron ahalduntzea eta gure komunitatearen kudeaketa eraginkorra indartzeko urrats garrantzitsua delakoan.

