Gaur, martxoak 7, egun seinalatua izan da Euskal Herriko trantsizio energetikoarentzat. Donostiako Kursaal aretoan Ehnergia aurkeztu da, Udalbiltzak sustatutako bigarren mailako energia kooperatiba. Ekitaldi honetara gerturatu nahi izan dugu, Ostots energia komunitateak ere bere ekarpen xumea egin diolako proiektuari.
Zer da Ehnergia?
Ehnergia ez da energia komunitate soil bat; “kooperatiben kooperatiba” bat gisa definitu dute aurkezleek. Euskal Herri osoko energia komunitateak ehuntzeko helburuarekin jaio da, mugaz gaindiko “europar kooperatiba” izaera hartuz. Hauek izango dira bere betebehar nagusiak:
- Aholkularitza: Kide diren energia komunitateei laguntza teknikoa eta juridikoa ematea.
- Ehuntzea: Herri desberdinetako proiektuen arteko elkarlana eta esperientzia trukea sustatzea.
- Udalei laguntza: Tokiko erakundeei burujabetza energetikorako bidean bultzada ematea.
Ostots, prozesuaren parte
Guretzat garrantzitsua zen gaur Kursaalen izatea. Izan ere, Ostots energia komunitatea Ehnergia gorpuzteko prozesuan presente egon da hasieratik, bereziki 2024an Legorretan emandako urrats garrantzitsuetatik hasi eta bigarren mailako sarea osatzeko prozesu osoan Gallurren parte-hartzearekin.
Talde motorrean eta saio desberdinetan parte hartuz, sinesten dugu indarrak batuta bakarrik lortuko dugula eredu energetiko demokratiko eta burujabe bat.
“Jarrera indibidualisten aurrean, erantzun komunitarioa eta publiko-komunitarioa aldarrikatzera dator Ehnergia” — Clara Rouget, Udalbiltzako zuzendaria.
Begirada etorkizunean
Sare honen parte izateak abantaila handiak ekarriko dieazaizkioke gure energia komunitateari. Tresna berriak, babes juridiko sendoagoa eta Euskal Herriko beste taldeekin lankidetzan aritzeko aukera emango digu.
Gaur mugarri bat jarri dugu, baina bideak aurrera darrai.
Ekitaldi osteko luntxeko korro batean, hiru lagunek zuzenketa bakarra eskatu diote Udalbiltzari hurrengorako: horrelako arrazoiak izanda, topa egiteko Martitxoneko sagardoa, Getariko txakolina edo Pagos de Araiz upategiko ardo pixka bat. Bakoitzari berea! ;-P

