Instalazioa goi herrietako bazkideentzako

Ostots kooperatibak martxan jarri nahi ditugun instalazioen artean dago Uztegiko frontoiaren teilatuan jarriko litzatekeena. Batez ere Uztegi, Gaintza eta Intza herrietako kontsumo puntuak hornituko lituzke eta handik 2 kilometroko erradioaren barruan dauden hornidura puntuak autokontsumitu ahalko dute bertatik.

Ostots kooperatibako bazkide izateko 60 euroko derrigorrezko ekarpen bakarra egin beharko dute interesatuek. Instalazioan parte hartzeko kontsumitzaile bakoitzari portzentaia bat egokituko zaio bere argindarraren kontsumoa aztertu ondoren. Horretaz gain instalazioak izan ditzakeen urteroko mantentze eta seguru gastuak ordaindu beharko ditu.

Autokontsumorako instalazioan parte hartzeko ez da inolako obrarik egin beharko etxean eta ez du merkaturatzailez aldatu beharko. Dena dela argindarraren kontratu berri bat egin beharko du kontsumitzaileak, autokontsumorako eskubidea norberaren kontratuan biltzen duena.

Frontoiko instalazioak sortzen duen argindarraren zatia, hornidura puntu bakoitzaren kontsumoari kenduko zaio bere fakturan. Bazkide bakoitzari bere merkaturatzaileak fakturatzen jarraituko dio argindarra, autokontsumitu duen kenkariarekin. Hau da, frontoiko teilatutik hartzen duen argindarra “doan” izango da nolabait, eta ez du argindar sare arruntetik hartu beharko. Zati hori gutxiago ordaindu beharko du bere ohiko fakturan.

Parte hartu nahi duten bizilagunek bazkidetzeko galdetegia bete dezakete eta jarriko gara eurekin harremanetan, edo zalantzak argitzeko 717.708.828 telefono zenbakira zein info@ostots.eus helbidera idatzi.