2023ko azaroaren 2an Araizko Udaletxean egin genuen aurkezpenean azaldu genuen bezala lehen instalazio fotovoltaiko partekatua martxan jartzeko datu bilketarekin hasi gara Ostots kooperatiban.
Bertan parte hartzeko deialdia zabaldu dugu araiztar guztientzako.
— Instalazioan zenbat jendek parte hartu nahi duen jakin nahi dugu eta beren kontsumoen arabera instalazioaren tamaina eta kokapen egokiena aukeratuko dugu.
— Instalazioan parte hartu nahi dutenek, pribatutasun-politika dela eta, (1) ondorengo inprimakia bete eta sinatu beharko dute. Horretaz gainera (2) argindarraren faktura bat eta titularraren (3) nortasun agiriaren fotokopia bat ere entregatu beharko dituzte Araizko Udalean.
— Datu guztiak bildu ondoren ikerketa bat egingo da, kontsumo puntu bakoitzari instalazio fotovoltaikoan zenbateko potentzia dagokion ebazteko.
— Instalazioa egin aurretik, aurrera urratsa eman nahi dutenek Ostots S.Coop.en bazkidetu beharko dute 60 euroko derrigorrezko ekarpen bat eginda.
— Instalazioa, parte hartu nahi duten bazkideen artean ordainduko da. Kontsumitzaileek parte-hartze portzentaiaren araberako ekarpena egin beharko dute.
Edozein zalantza argitzeko idatzi info@ostots.eus helbidera edo deitu 7I7.708.828 telefono zenbakira (momentuan erantzuten ez badizugu, utzi harremanetarako zenbakia eta deituko dizugu).
Ikerketa eskariak jasotzeko epea 2024ko otsailaren 6an amaituko da. [2024ko otsailaren 16ra arte atzeratu dugu epea] EPEA ITXITA
Autokontsumoko instalazioa partekatuaren abantailak hauek dira:
- Ez da norberaren etxeko teilatuan ezer instalatu behar.
- Instalazioaren gastuak kontsumitzaile askoren artean partekatuz aurrezpena lortzen du norbanakoak.
- Eguneko argi orduetan zehar kontsumo gutxi duten kontsumitzaile askorentzako instalazio fotovoltaiko partikularra ez da bideragarria izaten ekonomikoki, aldiz taldean egindako instalazioa bai.
- Instalazioa kontsumitzaileen beharretara egokitzen da eta gaindimentsionatutako instalazio partikularrak ekiditen dira horrela.